Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
2.7. AMASen babes mailak eta haren finantzazioa. EAEn aplikatzeko irizpideak
AMAS hiru mailen arabera ematen du bere babesa (7. artikulua):
– Gutxieneko babes maila; Estatuko Administrazio Nagusiak definitzen du eta haren finantzazioa bermatzen du, AMALek Estatuko herritar guztiei gutxieneko babes homogeneoa bermatzeko duen helburuarekin bat eginez.
– Bigarren babes maila, Estatuko Administrazio Nagusiak eta autonomia erkidego bakoitzak Legean jasotako gainontzeko prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta aplikatzeko sina ditzaketen hitzarmenetatik eratorrita. Autonomia erkidego bakoitzak konpromisoa dauka, gutxienez, gutxieneko berme mailatik eratorritako Estatuaren ekarpenen eta Estatuko Administrazio Nagusiak ordaintzera konprometitzen den bigarren mailakoen batuketaren pareko zenbatekoa jartzeko[25].
– Autonomia erkidegoek, euren ekimenez, herritarrak babesteko hirugarren maila gehigarri bat garatu ahalko dute, euren kargura.
Ikusten denez, finantzazioa administrazio zentral eta autonomikoen erantzunkidetasunaren bidez bermatuko da.
AMASen Lurralde Batzordeak, 2007ko maiatzaren 9ko bileran, erakundeen arteko lankidetza esparrua eta Estatuko Administrazio Nagusiak, AMALen aurreikusi legez, adostutako maila finantzatzeko dauzkan kredituak banatzeko irizpideak erabaki zituen. Ministro Kontseiluak urte bereko maiatzaren 18an onartu zuen hitzarmena.
Lehen hitzarmen horrek, autonomia erkidegoen arabera, guztira kalkulatutako mendeko pertsonak eta III. graduari dagozkionak jasotzen ditu, adin tarteen arabera banatuta. Zentzu horretan, EAEri dagokionez, eta haren biztanleria kontuan izanda (2.133.684 biztanle), kalkulatzen da 54.544 mendeko pertsona daudela eta haietatik 9.516 liratekeela III. gradukoak; haietatik, 2.054 65 eta 79 urte artekoak lirateke eta 6.041 80 urtez gorakoak. Datu horien arabera, banatzeko irizpide batzuei jarraituz –zeinek, besteak beste, mendeko biztanleriaren bolumena, banaketa geografikoa, irlakotasuna, per capita errenta, batez besteko erretiro pentsioa, itzulitako emigranteen azalera edo kopurua jasotzen baitituzte–, Estatuak EAErentzat 8.853.321 euro finantzatzeko konpromisoa daukala ezarri da.
AMALeko bigarren xedapen gehigarriaren arabera, EAEren kasuan, Estatuko Administrazio Nagusiari bere gastu aurrekontuaren kargura finantzatzea dagokion Sistemaren zerbitzu eta prestazioen finantzazioa kontuan hartuko da kupoa kalkulatzeko, Kontzertu Ekonomikoaren arabera.
Hortaz, erakundeen arteko lankidetza esparrua eta Estatuko Administrazio Nagusiaren 2008 (Ministro Kontseiluaren 2008ko abuztuaren 1eko Erabakia), 2009ko (Ministro Kontseiluaren 2009ko maiatzaren 8ko Erabakia) eta 2010-2013ko (Ministro Kontseiluaren 2010eko uztailaren 9ko Erabakia) finantzaziorako kredituen banaketa irizpideak onartu dituzten erabakiek ez dute EAE bere baitan hartzen (ezta Nafarroako Foru Erkidegoa ere). Arrazoia, erabakietan adierazi legez, honakoa da: "autonomia erkidego horietan hitzartutako maila Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren hitzarmenetan erabakiko da Euskadin eta Itun Ekonomikoaren Koordinazio Batzordean Nafarroan, 39/2006 Legeko bigarren xedapen gehigarriaren arabera".
Bestalde, espainiar gobernuak, 2006ko abenduaren 29an, EAEri 8.702.000ko zuzeneko diru-laguntza ematea erabaki zuen, 1633/2006 Errege Dekretuaren bidez. "Mendetasuneko egoeran dauden pertsonen aldeko gizarte ekintzako proiektuak" izen orokorraren pean, diru-laguntzaren berariazko helburua zerbitzuak eta egoitzak zabaltzea zen, plazak itunduz, eraikuntza amaituz, zabalduz edo egokituz, edo egiten ari ziren egoitzak berehala funtzionatzen hasteko hornituz.
Azkenik, AMALek aukera jasotzen du onuradunek mendetasuneko prestazioen finantzaketan parte har dezaten, zerbitzu mota eta kostuaren eta haien gaitasun ekonomikoaren arabera.
[25] CAVAS MARTÍNEZ, Faustino eta SEMPERE NAVARRO, Antonio V. Ley de dependencia: estudio de la Ley 39/2006, de 14 diciembre, sobre promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Aranzadi, 2007.